XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Egun batzu gehiago eta zelak ez dizu kili-kili egingo; aste pare bat barru etxekoandrea bera igoko zaio gainera: bildotsa baino otzanago jarriko da.

Egia zioen; egun guttitara moxalak errezelurik gabe laztantzen, jazten, eroaten uzten zigun; eta Marceline bera gaineratuko zitzaion egoera delikatuagatik izan ez balitz.

- Jaunak aproba egin beharko luke -esan zidan Charlesek.

Nik neuk bakarrik ez nukeen sekulan egingo baina Charles beste zaldiarekin izango nuen aldamenean; haren laguntzaren plazerrak bultza ninduen.

Zenbat eskertu nion amari haurtzaroan ni heztokira bidali izana!

Lehen ikastaldi haien oroitzapen urrunak lagundu zidan.

Ez nintzen arrotz sentitzen zelan; laster uxatu nituen beldurrak eta guztiz eroso nindoan.

Charlesen zaldia astunagoa zen, arrazakoa izan ez arren, ikusgarria; Charlesek gainera ongi gobernatzen zuen.

Egunero paseialditxoa egiteko ohitura hartu genuen; goizean goiz abiatzen ginen gehienetan, ihintzez diz-diz zeuden belardietan zehar; oihan ertzeraino iristen ginen; bidean astintzen genituen urratxek blai uzten gintuzten pasadan; hodeiertza zabaltzen zen supituki; Auge haran hedatsua zen; urrunean itsasoa susmatzen zen.

Zalditik jeitsi gabe geratzen ginen une batez; egunsentiak behelainoa nola margotzen, alderatzen, sakabanatzen zuen begira; gero trota bizian itzultzen ginen; etxaldean geratzen ginen; eguneko zeregina hastear zegoen; langileei aurrea hartu eta haien agintea izatearen poztasun harroa dastatzen genuen; lanean uzten genituen eta Marceline jaikitzen zenerako etxeratzen nintzen.

Aire garbiz hordi, abiadak txoraturik bueltatzen nintzen, gorputz-atalak neke boluptuos batek maskalduta, gogoa sasoitsu, apetituz eta freskuraz gainezka.

Marcelinek nire fantasia ontzat eman eta adoretu egiten ninduen.

Botak kendu gabe, bera nire zai zegoen oheraino osto hezearen usaina ekartzen nion, atsegina bere esanetan.

Eta ibilaldia, larreen iratzartzea, lanaren hasiera... kontu guztiak entzuten zizkidan.

Bizitzeaz beste pozten zen bera, itxuraz, ni bizitzen sentitzeaz.

Gozamen hartaz ere laster hasi nintzen ni abusatzen; (...).